GOZATU MUSIKAZ BERLINEN

Kapitel Zwei Berlin Philarmonie

Soinuak denboran konbinatzean datzan artea omen da musika, antolaketa horren emaitza. Izan daiteke gure belarrien gozagarri, geure dantzaren oinarri, gure emozioen gidari, etxea garbitzerakoan lagun eta mundu zabaleko beste edozeinekin musikak soilik azal dezakeena konpartitzeko aitzaki. Ederra da musika. Zentzu zabalean eder.

Sarri gure gizartean behar bezala zaintzen ez dena da. Arrazoituko dut. Goi mailako ikasketak nolabaiteko linbo batean dabiltza dantzan, unibertsitate ikasketak dira baina ez. Musika da gure eskola askotako ikasgai deskafeinatuena, ikasketa garrantzitsu bezala aintzat hartzen ez dena (zoritxarrez ez da bakarra). Berlinera etorri eta gauzak beste era batera egin daitezkeela ikusi dut. Testu mugatu bat idatzi behar dut eta ez naiz ur sakonetan murgilduko. Hurrengoa beraz gaur egun Berlinen aurki dezakezunaren azalpen labur eta sinple bat.

Iragan mendeetako musikak eta gaur egungoak bat egiten dute hiri handi honetan. Eskaintza zabala da, eta sarri kalitate oso onekoa. Musikazalea bazara, berlinen ez dago aspertzerik. Egunero hamaika kontzertu, saio zein ekitaldi antolatzen da. Alexanderplatz plazatik garraio publikoa edo bizikleta hartzea besterik ez duzu.

Biolontxelo jolea naizen aldetik, musika klasikoak duen tokiaz hitz egingo dut lehenengo. Europa osoko musikaririk onenak taula gainean entzuteko aukera aparta dago. Berliner Philharmonie eta ondoko Kammermusiksaalen Jens-Peter Maintz, Tabea Zimmerman edo Berliner Philharmoniker  orkestra entzun ditzakezu astegun normal batez.

Ikasle txartela edukiz gero gainera, sarrera prezio erdira erosi dezakezu. 10 Euroren truk, Euskal Herrian seguruenik askoz ere garestiago zatekeen kontzertu batez gozatzeko aukera eskeintzen du hiri handi honek.

Auditorio hauetaz aparte beste hainbat tokitan, eliza, antzoki, museo zein lokaletan ere bertako musikariek kontzertuak eskeintzen dituzte. UdK edo Hanns Eisler kontserbatorioetako ikasleen maila aparta ukaezina da.

Kapitel Zwei-en ordutegi ona aukeratuz gero (goizez edo eguerdian), arratsaldean musika klasikoaz goza dezakezu.

Baina dena ez da musika klasikoa! Doike! Alemanian aspalditik dute musika berritzailearekiko errespetua. Ez soilik musika klasikotik datorren musika garaikidearekiko. Baita techno musikarekiko ere. Bergheim izan liteke tekno musikaren tenplu ezagunena. Baina gauez edonora ateratzen zarela ere, diskoteka eta pub-etan tekno musika bolumen osora nola jartzen duten ikusiko duzu. Sartzeko aukera izanez gero (beti ez baita posible izaten) gozamena da elektronikarekin gozatu eta dantza egitea.

Mundu zabaleko jendea elkartzen da hiri handi honetan. Kultur aniztasuna itzela da. Doinu eta erritmo ezberdinek elkarrengandik edaten dute. Norberak asko du ikasteko, eta nola ez, hori bezain garrantzitsua dena, eskeintzeko. Denok baitugu zer eskeini.

Honako honetan hau izan da nire ale txikitxoa. Geure hizkuntzari toki txiki bat eskeini diote eta nire betebeharra zen toki hori ematea. Seguruenik hobeto egin nezakeen, gehiago saia nintekeen baita. Horrela atera da baina. Ia hurrengo testuak asetzen gaituen. Bitartean gozatu Berlinez, gozatu musikaz. Gozatuz bizi. Biziz gozatu.

Do you want to learn German successfully?