ONDO ETORRI!
Ongi etorri! Hori da datorrenari dagokiona, etorri garenoi egokitu izan zaigun bezala. 80 negu pasatu dira Gernika suntsitu zutenetik, eta orduz geroztik zoritxarrez beste ehundaka gernika sortu dira. Gaur egun ekialdeko herrialdeetako sarraskiak ditugu egunero geure telebistan eta egunkarietako orrietan hizketagai. Europarantz datoz milaka lagun, ez plazerez, bizirauteko baizik. Beste egunsenti bat ikusteko gogoz.
Turismorako hamaika aukera dago berlinen, toki interesgarriz josita baitago hiria: Alexanderplatz, Brandenburger Tor, Museumsinsel, Checkpoint Charlie, harresia… iragan urteetako gertakari oso garrantzitsuen lekukoak dira tokiok, ahanzturan aurkako leku bihurtu dira.
Beraz, hemen luzerako geratzeko esperantza duenak, egin beza ahalegina egungo errefuxiatuen errealitatea ezagutzeko. Uste dut garrantzitsua dela geurekoiak ez izatea, aldiz, militante izatea. Indar egin behar dugu gobernuek beraien betebeharrak bete ditzaten, giza eskubideak errespeta ditzaten. Lana badago eta dirua badago. Ez dut kontrakorik sinesten. Ez dut onartzen ere.
Gauero amets gaiztoekin esnatzea ez da inoren gustokoa, lagun edo senitartekoa gerran hiltzea ere ez. Norbere etxea utzi eta milaka kilometrora bizitza berriz ere berregiten saiatzea ez da erreza, ez da batere atsegina. Dena aldatzen da: janaria, ordutegia, janzkera, musika, jendarteko harremanak…
Hamaiketako batean nengoen lehenengoz siriako mutil batekin hitz egin nuenean. Ez nekien zer esan. Oraindik ez du unibertsitatera sartzeko aukerarik izan. Aspaldi da lagunekin elkartzen ez dela. Familiako argazkian agertzen direnetatik gutxik darraite bizirik. Kanpora begiratzen du, bere herrira bueltatu nahi du. Bere hirira. Berlinen neskalaguna duen arren, etxea, lagunak, hizkuntza eskola… herrira bueltatu nahi du. Hitzik gabe nengoen.
Ta gai honen inguruan hausnartzen nagoela galdera asko dabilzkit buruan. Gu, herri ezagun batekoak garen arren, duela oso gutxi hasi ginen benetan gertatu zenaz berbetan. Sasiak kendu genituen gerrako babeslekutik, iraganaz eta etorkizunaz hausnartu genuen, bonbarketa sufritu zutenen lobak elkartu ginen. 70 urte baino gehiago behar izan dugu erreakzionatzeko. Akats larria litzateke beraz orain dela gutxi bukatu berri den gatazka armatuarekin gauza bera gertatzea. Politikariak atzetik dabiltza, baina gizarte zibilak badu bere erantzunkizuna eta guri dagokigu berau betetzea. Hitz egin behar dugu hildakoez, argitu behar dira argitzeke dauden heriotzak, errepide bazterretako milaka hezurren izen abizenak ezagutu behar ditugu… berriro gerta ez dadin!
Beraz, nola gerra kontuak guretzako ez diren hain arrotzak ezta denboran hain urrunekoak ere, gure betebeharra da gaur egun egoera horretan daudenei laguntzea, bakoitzak ahal duen neurrian. Berlinen horretarako aukera badago!
Do you want to learn German successfully?