TA ALEMANA, ZERTARA

Kapitel Zwei Baskenland

Horrelako hiri handi batean, mundu zabaleko lagunen bizileku izaki, ingelesez moldatzeko aukera dago. Nahiz eta badagoen ingelesez ongi moldatzen ez denik, askok badaki ingelesez. Ta orduan zertarako hizkuntza eskolan izena eman? Zertarako alemana ikasi?
Badaukagu gure herrian halako ohitura bat (edo betebehar moral bat) dena euskara eta gaztelaniaz jartzeko. Uler dezaket. Horren ostean datoz ingelesezko azalpena, portugesezkoa eta alemana (sarri hegoaldean frantsesa urrun dagoela ta, ez gara berataz akordatzen).
Tamainaz herri txikikoak garen aldetik ulertu behar genuke, zoazen lekura zoazela, bertako hizkuntza ikasteak eta erabiltzeak zer garrantzia daukan. Hizkuntzak erakusten digu ororen esanahia, esan nahi dena eta ezkutuan geratzen dena. Alexander da Platz, eta ez da Square edo Plaza. Platz berbak duen soinua, marrazten duen lerro zuzen zapala, lau kontsonante eta bokal bat tartean. Straße ez da rue, edo karrika. Sinplea, ez?

Urte luzez hemen bizitzearen ordainetan, esaera zahar asko bildu dituzte bertakoek, errealitatearen azalpen zehatz baten isla, irakaspenez lagundua. Noski inguruko hizkuntzetatik edan duela alemanak, nork ez du alboko iturrietatik edan? Bizirik mantentzeko ezinbestekoa da. Horrek ez du kentzen norberaren hizkuntza zein den jakin eta beraz, beste barik, berau erabiltzea karteldegietan, metroko bozgorailuetan, ospitalean, jatetxean zein dendan.

Orokorrean beharrizanen arabera moldatzen garela jakinik, beharrizana zein den zehaztu eta bertara moldatu besterik ez dugu. Ez da ezinezko ezer. Bizitza osoan zehar egiten duguna da. Dena alemanez idatzia dagoen aldetik, eta bertakoak alemanez hitz egiten duten aldetik, horretara moldatzea besterik ez dugu. Eurek ez dute dena alemanez eta ingelesez jartzen. Ez da ingelesez ez dakitelako, beharrizan hori ez dagoelako baino. Ez dut uste turistikoago, internazionalago, modernoago, aberatsago bihurtzea eragozten dienik (ez dut uste hala ere bertakoen lehenbiziko guraria hori denik). Ezagutzen duzue Berlin baino hiri kosmopolitagorik?

Beraz, hasiera-hasieratik alemanekin harremanak sortzea litzateke aukera egokiena. Zer egin dezakezun horretarako? Edonora zoazela ere elkarrizketa alemanez hasi (bakoitzak bere jakituriaren arabera, noski!), egunkariak edo aldizkarietako artikuluak irakurri, internet bidez telebista saioak azpitituluekin ikusi, beti aldean hiztegitxo bat eraman… Tandem egitea ere oso lagungarri da, edo zortea izanez gero, bikotekide alemana bilatzea! Esango nuke azken hau erarik eraginkorrenetarikoa dela.

Guzti hau aurrera eramateko beharrezkoa da hizkuntza eskolan izena ematea, kurtso ezberdinen bidez hiztegia handitzen joateko, eta bakoitzean alemanez bizitzeko kapazago senti gaitezen. Kapitel Zwei-en adibidez, kurtso intentsiboez aparte, badaude bestelako kurtso interesgarri batzuk ere, gramatikan sakontzeko kurtsoa edo berbakera lantzekoa besteak beste.

Gogoeta gisa, eta gai honen inguruan sakonago hausnartzeko azkenengo ideatxo bat. Nola liteke erromatarrak 500 urte luzez Euskal Herrian egon eta gero, euskarak oraindik bertan jarraitzea beste herri askotan bertako hizkuntzak desagertu ziren bitartean? Baliteke orduko agintariek latina ikasi eta Erromako agintariekin latinez komunikatu izana eta bide batez Euskal Herrian euskara erabili izana egunerokotasunerako. Antzekotasunak bila ditzakegu gaur egungo egoerarekin eta agian gure jokaerak zein behar lukeen argiago izango dugu.

Do you want to learn German successfully?